Saltatu edukira

Zer da Jainkoaren Erreinua?

Zer da Jainkoaren Erreinua?

Bibliaren erantzuna

 «Jainkoaren Erregetza» edo Erreinua Jehobak ezarri duen benetako gobernu bat da (Markos 1:14, 15). Biblian Erreinu honi «zeruetako Erreinua» ere deitzen zaio, zerutik agintzen baitu (Mateo 4:17, Euskal Biblia, Jaime Kerexeta, ortografia eguneratuta). Nahiz eta giza gobernuekin antzekotasunak izan, gobernu honek ez du parekorik.

  •   Agintariak. Jainkoak Jesu Kristo izendatu du Erreinuaren Errege izateko eta edozein giza agintarik izan dezakeena baino autoritate handiagoa eman dio (Mateo 28:18). Jesusek ahalmen hau gauza onak egiteko bakarrik erabiltzen du. Izan ere, dagoeneko Buruzagi fidagarri eta errukitsua dela frogatu du (Mateo 4:23; Markos 1:40, 41; 6:31-34; Lukas 7:11-17). Jainkoaren gida jarraituz Jesusek nazio guztietako pertsonak aukeratu ditu eta berarekin batera zerutik «lur osoan errege izango dira» (Apokalipsia 5:9, 10).

  •   Iraupena. Giza gobernuak agertu eta desagertu egiten dira. Baina Jainkoaren Erreinua ez da inoiz ere suntsitua izango (Daniel 2:44).

  •   Herritarrak. Jainkoaren esana betetzen duen edonor izan daiteke Jainkoaren Erreinuko herritarra, bere jatorria zein den inporta gabe (Eginak 10:34, 35).

  •   Legeak. Jainkoaren Erreinuko legeek edo aginduek jokaera txarrak debekatzeaz gain, herritarren balio moralak hobetzen dituzte. Adibidez, Bibliak hurrengoa dio: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz. Hori da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena, ez garrantzi gutxiagokoa, hauxe da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Mateo 22:37-39). Jainkoa eta lagun hurkoa maite dituztenez, Erreinuko herritarrak besteez arduratzen dira.

  •   Hezkuntza. Herritarren balio moralak hobetzen dituzten legeak ezartzeaz gain, Jainkoaren Erreinuak hauek betetzen irakasten die (Isaias 48:17, 18).

  •   Helburua. Jainkoaren Erreinuak ez ditu bere agintariak herritarren kontura aberasten. Horren ordez, Jainkoaren nahia beteko du, besteak beste, Jainkoa maite dutenak paradisu bihurtutako lurrean betirako bizitzea (Isaias 35:1, 5, 6; Mateo 6:10; Apokalipsia 21:1-4).