Saltatu edukira

Aldatu al dute Biblia Jehobaren lekukoek euren sinesmenetara egokitzeko?

Aldatu al dute Biblia Jehobaren lekukoek euren sinesmenetara egokitzeko?

 Ez. Alderantziz, gure sinesmenak beren osotasunean Bibliarekin bat ez datozela ohartu garenean, aldatu egin ditugu.

 1950. urtean New World Translation of the Holy Scriptures gure biblia-itzulpena egiten hasi baino askoz lehenago, jadanik Biblia aztertzen genuen. Eskuragarri zeuden biblia-itzulpenak erabiltzen genituen eta gure sinesmenak hauen arabera eratu genituen. Azter itzazu New World Translation biblia-itzulpena izan aurretik Jehobaren lekukook dagoeneko geneuzkan sinesmenetariko batzuk; ikus ezazu zuk zeuk Bibliak dioenarekin bat datozen ala ez.

  1.   Gure sinesmena: Jainkoa ez da Trinitatearen parte. 1882ko uztaileko Zion’s Watch Tower-en aleak (gaur egun, La Tour de Garde edo La Atalaya) hau esan zuen: «Gure irakurleek badakite Jehobarengan, Jesusengan eta Espiritu santuan sinesten dugula. Halere, hiru Jainko pertsona bakarra direla edo, batzuek dioten bezala, hiru pertsonako Jainko bakarra dela, baztertu egiten dugu, Bibliaren aurkako sinesmena baita».

      Bibliak irakasten duena: «Yaube, gure Yainkoa, Yaube bakaŕa da» (Deuteronomioa 6:4, Erramun Olabideren Itun Zâr eta Berria). «Guretzat Jainkoa bat bakarra da, Aita, gauza guztien sorburu eta helburu dena, eta bat bakarra Jauna, Jesu Kristo: beronen bidez baitira gauza guztiak eta beronen bidez baikara gu ere» (1 Korintoarrei 8:6, Elizen Arteko Biblia). Jesusek berak ere honakoa esan zuen: «Aita ni baino handiagoa baita» (Joan 14:28, Jean Duvoisinen Bible Saindua).

  2.   Gure sinesmena: Ez dago betiko sufrimendua sortzen duen infernurik. 1882ko Zion’s Watch Tower aldizkariaren ekaineko aleak «Bekatuak dakarren ordaina heriotza da» izenburua zuen. Bertan King James Version biblia-itzulpeneko Erromatarrei 6:23aren aipamena eginez, hauxe adierazi zen: «Hau bai dela adierazpen argia eta erraza. Harritzekoa da, beraz, Biblia Jainkoaren Hitza dela onartzen dutenak baieztapen honen kontra joatea; eta, gainera, Bibliak irakasten duena eta beraiek sinesten dutena bekatuaren ordaina infernuan betiko bizitzea dela baieztatzea».

      Bibliak irakasten duena: «Bekhatura eroriko den arima, hura bera da hilen» (Ezekiel 18:4, 20, Jean Duvoisinen Bible Saindua). Jainkoaren aurka jokatzen dutenek izango duten azken zigorra ez da betiereko tormentua izango, «betiereko hondamena» baizik (2 Tesalonikarrei 1:9, Elizen Arteko Biblia).

  3.   Gure sinesmena: Jainkoaren Erreinua benetako gobernua da, ez bihotzean daramagun ezer. Jainkoaren Erreinuari buruz, 1881eko abenduaren Zion’s Watch Tower aldizkariak hau esan zuen: «Erreinu hau boterean ezartzeak lurreko gainontzeko erreinuen erorketa dakar».

      Bibliak irakasten duena: «Zeruko Jainkoak berriz, erresuma hekien egunetan eraikiren du erreinu bat, nihoiz-ere xahutuko ez dena, eta haren erresuma ez da bertze populu bati izanen emana; aldiz, herraustuko eta ezeztatuko ditu erresuma horiek oro, eta berak du menderen mendetan iraunen» (Daniel 2:44, Jean Duvoisinen Bible Saindua).

New World Translation biblia-itzulpena ezinbestekoa al dute Jehobaren lekukoek euren sinesmenak eusteko?

 Ez. Gure predikatze-lanean beste biblia-itzulpen asko erabiltzen jarraitzen dugu. Izan ere, nahiz eta gure biblia-hezkuntzan New World Translation biblia-itzulpenaren aleak dohain banatu, pozik aztertzen dugu Biblia bere itzulpena erabili nahi duen jendearekin.