Saltatu edukira

Zer ikuspuntu dute Jehobaren lekukoek zientziari buruz?

Zer ikuspuntu dute Jehobaren lekukoek zientziari buruz?

 Jehobaren lekukook errespetu handia diegu zientziak egindako lorpenei eta aurkikuntza zientifikoak frogekin azaltzen direnean, onartu egiten ditugu.

 Zientzia «natura, gizartea, gizakia eta bere pentsamenduari buruzko ezagutza objektibo eta sistematikoen multzoa» da (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa). Zientziari buruzko liburua ez izan arren, Bibliak natura aztertzera eta zientziak egiten dituen aurkikuntzez onurak ateratzera animatzen gaitu. Hona hemen adibide batzuk:

  •   Astronomia: «Jaso begiak gorantz eta ikus: Nork egin zuen hori guztia? Banan-banan aterarazten ditu zeruko astroak, bakoitzari bere izenez deitzen dio» (Isaias 40:26).

  •   Biologia: Salomon «zuhaitzei buruz ere mintzatu zen, nola Libanoko zedroez hala horma-harrietan ernetzen den itze belarraz; orobat, abere, hegazti, narrasti eta arrainei buruz ere» (1 Erregeak 5:13 [4:33NW]).

  •   Medikuntza: «Ez dute osasundunek sendagilea behar, gaixoek baizik» (Lukas 5:31).

  •   Meteorologia: «Izan al zara elur-biltegietan? Ikusi al dituzu kazkabar-gordailuak? [...] Nondik sartzen ekialdeko haizea lurrera?» (Job 38:22-24).

 Gure argitalpenetan zientziarekiko errespetua sustatzen da. Askotan natura eta aurrerapen zientifikoei buruzko artikuluak argitaratzen ditugu. Gainera, lekukoak diren gurasoek seme-alabei ikasle onak izatera bultzatzen diete inguratzen dituen mundua hobeto ulertu ahal izateko. Horretaz gain, zientzia arloan lan egiten duten Jehobaren lekukoak daude, biokimika, matematika eta fisika arloetan, esaterako.

Zientziaren mugak

 Hala ere, ez dugu uste zientziak gizakiak ditugun galdera guztiak erantzuteko gai denik a. Adibidez, geologoek lurra zerez egina dagoen azaltzen dute eta biologoek gorputzak nola egiten duen lan. Baina, zergatik dago lurra bizitzarako horren ondo egina? Eta zein da gure gorputzeko atalek elkarlan bikainean jardutearen arrazoia?

 Horregatik, ondorio honetara iritsi gara: Bibliak bakarrik eman ditzakeela galdera hauen behar bezalako erantzunak (139. Salmoa 13-16; Isaias 45:18). Hala ere, hezkuntza on bat izateko Biblia eta zientziari buruz ikastea beharrezkoa dela uste dugu.

 Batzuetan zientziak eta Bibliak diotena kontraesanean daudela dirudi. Baina hau Bibliak esaten duena gaizki ulertu delako izaten da. Esaterako, Bibliak ez du esaten lurra 24 orduko sei egunetan sortua izan zenik (Hasiera 1:1; 2:4, Bible Saindua).

 Jendeak zientziatzat hartzen dituen teoria batzuk ez daude behar bezala frogatuta eta errespetatuak diren zientzialari batzuek teoria hauek baztertu egin dituzte. Adibidez, naturaren diseinu adimentsua aztertzean, biologian, kimikan eta beste zenbait arlotan adituak diren zientzialari batzuk ondorio honetara iritsi dira: izaki bizidunak ezin izan dutela halabeharrezko mutazio baten eta naturaren aukeraketa baten ondorioz eboluzionatu. Guk ere zientzialari hauen iritzi bera dugu.

a Nobel saria irabazi zuen Erwin Schrödinger fisikari austriarrak idatzi zuenez, zientziak «informazio asko ematen digu, [...] baina interes handia dugun gaiei buruz, modu tamalgarri batean mutu gelditzen da». Bestalde, Albert Einsteinek honakoa esan zuen: «Arrazoizko pentsamendua gizartearen arazoak konpontzeko nahikoa ez dela ikasi dugu eskarmentu bidez».