Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Nola laguntzen digu Bibliak muturreko fenomeno meteorologikoei aurre egiten?

Nola laguntzen digu Bibliak muturreko fenomeno meteorologikoei aurre egiten?

 Milioika pertsona muturreko fenomeno meteorologikoen eragina jasaten ari dira. Hauetariko bat al zara zu? Fenomeno hauek era askotakoak izan daitezke. Adibidez, urakanak, tifoiak, zikloiak eta tornadoak. Hauek sortutako uholde eta haizete handiek kalte handiak eragiten dituzte. Gainera, eurite handiek lur-jausiak sortu ditzakete eta tximistek sute handiak. Honetaz gain, lehorteek, bero olatuek eta neguko ekaitzek ere kalte handiak sortu ditzakete.

 Gero eta hondamendi gehiago daude eguraldiaren ondorioz eta kalte handiagoak sortzen dituzte. Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren Nazioarteko Mugimenduak dio: «Hondamendi hauek jasaten dituen jendearen kopurua handitzen doa. Hau gero eta uholde eta lehorte gehiago daudelako da. Ondorioz, jende asko hil da. Beste batzuk ezin dute bizitzeko beharrezkoa lortu eta milioikak beraien etxea galdu du.

 Hau guztia gertatzen denean, jendeak fisikoki eta emozionalki sufritzen du. Izan ere, euren ondasunak eta etxeak galtzen dituzte edo agian maite zuten norbait hiltzen da.

 Eguraldiak sorturiko hondamendiren bat jasan baduzu, Bibliak honi aurre egiten lagun ahal dizu. Kontsolamendua, esperantza eta aholku praktikoak ematen ditu, eta hondamendi hauek jasan dituzten jende askori lagundu diete (Erromatarrei 15:4). Baina, zergatik uzten du Jainkoak hau gertatzen? Bere zigorra izango ote da? Asko galdera inportante hauengatik kezkatzen dira eta Bibliak erantzuna ematen die.

Gaur egungo muturreko fenomeno meteorologikoak ez dira Jainkoaren zigorra

 Bibliak dioenez, Jainkoa ez da jendeak jasaten duen sufrimenduaren eragilea. Hau esaten du: «Jainkoak ez du gaizkirako tentaziorik eta ez du inor gaizkirako tentatzen ere» (Santiago 1:13). Beraz, argi dago bera ez dagoela askok jasaten dituzten muturreko fenomeno meteorologikoen atzean.

 Bibliako pasarteetan ikusten dugunez, Jainkoak natura erabili izan du jende gaiztoa zigortzeko. Hala ere, gertaera haiek ez ziren gaur egun eguraldiak sortzen dituen hondamendiak bezalakoa. Izan ere, gaur egungo hondamendiak abisurik gabe etortzen dira eta zintzoei eta gaiztoei eragiten die berdin-berdin. Baina Bibliak Jainkoak zintzoak beti babesten dituela, abisua ematen duela eta bere ekintzen arrazoiak azaltzen dituela ikusten dugu. Esaterako, Noeren garaian, Jainkoak mundu-mailako uholde bat zergatik ekarriko zuen azaldu zuen. Aldez aurretik abisatu zuen eta Noe eta bere familia babestu zituen (Hasiera 6:13; 2 Pedro 2:5).

 Hondamendi naturalak Jainkoaren zigorra ez direla azaltzen duten froga gehiago ikusteko, irakurri «Zer dio Bibliak hondamendi naturalei buruz?» artikulua.

Jainkoa muturreko fenomeno meteorologikoak jasaten dituztenez arduratzen da

 Bibliak Jainkoa, Jehoba a, gutaz arduratzen dela eta enpatia erakusten digula esaten du. Aztertu ondorengo pasarte kontsolagarriak:

  •   Isaias 63:9, Itun Zâr eta Berria, Erramun Olabide, euskara batura egokituta: «Haien axanpa [edo nahigabe] guziak Harenak ere ziren».

     Esanahia: Jehobari min handia egiten dio jendea sufritzen ikusteak.

  •   1 Pedro 5:7: «Bera baita zuetaz arduratzen».

     Esanahia: Jehoba gutaz kezkatzen da eta gu ondo egotea nahi du.

 Jainkoak gutaz sentitzen duen ardura eta enpatiak, ekintzara mugitzen du. Alde batetik, kontsolamendua ematen digu Biblian aurkitzen ditugun aholku praktikoen bidez. Bestalde, esperantza ziur bat ematen digu: eguraldiak sorturiko hondamendi naturalik gabeko etorkizuna (2 Korintoarrei 1:3, 4).

Muturreko fenomeno meteorologikoak arazoa izango ez diren garaia

 Biblian Jainkoak «itxaropenez beteriko etorkizuna» promesten digu (Jeremias 29:11). Bere helburua jendea lurrean bizitzea da hau paradisu bihurtzen denean, eguraldiari beldurrik izan gabe (Hasiera 1:28; 2:15; Isaias 32:18).

 Jainkoak hau dena bere Erreinuari esker egin ahal izango du. Erreinu hau Jesus Errege duen gobernua da (Mateo 6:10). Jesusek hondamendi hauek ez gertatzea lortu dezake. Izan ere, horretarako behar diren jakinduria eta boterea ditu. Lurrean egon zenean, eguraldia kontrolatzeko zuen boterea erakutsi zuen (Markos 4:37-41). Jakinduriaz eta ulermenaz aginduko du, gizakiei ingurumena zaintzen erakutsiko die eta honekin bat eginez bizitzen (Isaias 11:2). Jesusen agindupean, jendeak ez du muturreko fenomeno meteorologikoen kalterik jasango berriro.

 Baina, agian, zeure buruari galdetzen diozu: «Noiz erabiliko du Jesusek bere boterea eguraldia kontrolatzeko?». Erantzuna jakiteko, ikusi «¿Cuándo gobernará la Tierra el Reino de Dios?» edo «Quand le royaume de Dieu dirigera-t-il la terre ?» artikulua.

Muturreko fenomeno meteorologikoei aurre egiteko aholkuak

 Bibliaren aholkuek hondamendia gertatu aurretik, hondamendian zehar eta gertatu ondoren lagundu ahal dizute.

  •   Hondamendia gertatu aurretik: Azkar mugitzeko prestatu

     Bibliak esaten duena: «Arriskua ikusi eta gorde egiten da zentzuduna, heldugabeak aurrera segitu eta kaltea jasan behar» (Esaera Zaharrak 22:3).

     Esanahia: Egon adi zure inguruan gertatu daitezkeen hondamendiez azkar mugitzeko eta familia babesteko.

     Bizipena: «Sute batetik ihes egin behar izan genuenean, prest geunden. Gure emergentzietarako motxilak genituen, gure medikamentuak eta arropak. Jendea beldurtuta zebilen, ezin zuten argi pentsatu. Baina, guk behar genuen guztia genuen. Oso eskerturik nago!» (Tamara, Kalifornia, AEB).

  •   Hondamendian zehar: Jarri arreta gauza garrantzitsuenetan

     Bibliak esaten duena: «Ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere» (Lukas 12:15).

     Esanahia: Bizia ondasunak baino inportanteagoa da.

     Bizipena: «Lawin b tifoiak gure etxea suntsitu zuenean, ezin nuen argi pentsatu eta ez nekien zer egin. Baina egin nuen gauza bat Jehobari bihotz-bihotzez otoitz egitea izan zen. Galdu genuena gure gauza materialak zirela konturatu nintzen, eta ez gure biziak» (Leslie, Filipinak).

  •   Hondamendia gertatu ondoren: Egunean egunekoa

     Bibliak esaten duena: «Ez arduratu, bada, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko baitu bere ardura» (Mateo 6:34).

     Esanahia: Ez kezkatu gehiegi etorkizunean izan ditzakezun arazoengatik.

     Bizipena: «Irma hurakanak nire etxea urez gainezka utzi zuenean, erabaki pila bat hartu behar nituen eta inoiz baino estresatuago nengoen. Egunean egunekoa egiten saiatu nintzen Bibliak dioen moduan. Jehobaren laguntzarekin imajinatu nezakeena baino gauza askoz gehiagori aurre egin ahal niela ikusi nuen» (Sally, Florida, AEB).

 Aholku praktiko gehiago nahi badituzu, ikusi «Cuando golpea un desastre. Qué hacer para sobrevivir» edo «Catastrophes : des mesures qui sauvent des vies» artikulua.

a Bibliak azaltzen duen bezala, Jehoba da Jainkoaren izena. Informazio gehiagorako, ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren 4. ikasgaia: «Nor da Jainkoa?».

b Haima tifoia bezala ere ezagutua.